Gene Tierney
Gene Tierney | |
---|---|
Irudi gehiago | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Gene Eliza Tierney |
Jaiotza | Brooklyn, 1920ko azaroaren 19a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Heriotza | Houston, 1991ko azaroaren 6a (70 urte) |
Hobiratze lekua | Glenwood Cemetery (en) |
Heriotza modua | : birika-enfisema |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Oleg Cassini (en) (1941 - 1952) W. Howard Lee (en) (1960ko uztailaren 11 - 1981eko otsailaren 16a) |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | American Academy of Dramatic Arts Chase Collegiate School (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktorea, autobiografialaria, karaktere aktorea, antzerki aktorea, telebista-aktorea eta zinema aktorea |
Jasotako sariak | ikusi
|
cmgww.com… | |
|
Gene Tierney (Brooklyn, New York, 1920ko azaroaren 19a – Houston, Texas, 1991ko azaroaren 6a) Ameriketako Estatu Batuetako antzerki eta zinemako aktorea izan zen. Bere garaiko aktore ederrenetakoa izan zen, eta ahaztezinak dira Laura (1944) edo Leave Her to Heaven (1945) filmak; bigarren lan honengatik Emakumezko aktore onenaren Oscar Sarirako izendatua izan zen.
Bizitza eta lanak
Hastapenak
Gene Elizabeth Tierney bataiatu zuten Brooklynen jaio zen neskatoa. Aita aseguru saltzailea zen eta ama ikastetxe bateko hezkuntza fisikoko irakaslea. Oinarrizko ikasketak eginda, bi urte eman zituen Suitzako ikastetxe batean, eta dotore ikasi zuen frantsesez. 1938an etxera bueltan da. Warner Bros. estudioak bisitatzera joan zen batean, bertako zuzendari batek, Anatole Litvakek, aktore izateko keinua egin zion, neskatoaren dotoreziak txundituta edo. Warnersekoek kontratoa ere eskaini zioten, baina gurasoek ezetza eman zioten, proposatutako ordaina txikia zelakoan. 17 urte besterik ez zuen Genek eta aktore izateko gogoa gero eta handiagoa zuen. Aitak, guraria burutik aldenduko ez zitzaiola iritzita, antzerkirako bidea onartu zuen konponbidetzat eta New Yorkeko Arte Dramatikorako Ameriketako Akademian sarrera egin eta onartu zuten. Katharine Hepburn, Spencer Tracy, Grace Kelly edo Lauren Bacall ere han ibilitako ikasleak izan ziren.
Handik gutxira Broadwayeko antzokietan aritu zen lanean, pertsonaia txikien aukera baliatuz ezagun egiteko. Eta nahikoa izan zen urte bete zinemarako bidea egiteko. Columbia Pictures estudioak sei hilabeterako kontratua eskaini zion 1939an. Tarte horretan Howard Hughes neskatoa limurtzen saitu zen, baina ezin; dena den, handik aurrera, eta denbora luzean, adiskide onak izan ziren. Columbiak ez zuen asmatzen zer eskaini Generi, eta Broadwayera bueltatu zen, antzerkia oso gustuko zuen eta.
Zineman egindakoak
MGM estudiokoek deitu zuten orduan, National Velvet filmerako, baina Tierneyk 20th Century Foxekoekin sinatu zuen. Aurreneko lana Fritz Lang zuzendariaren The Return of Frank James (1940) izan zen, Henry Fonda lagun izan zuelarik. Urte berean antzezpen txikia egin zuen Hudson's Bay (1940) lanean, orain Paul Muniren alboan. 1941ekoak dira Tobacco Road, Belle Starr, eta Sundown. Lanpetua oso zebilen Tierney andrea. 1943an Ernst Lubitschekin topo egin eta komedietan klasiko den Heaven Can Wait filmean jardun zuen. Hurren datoz zinema beltzeko mugarri den Laura, eta Leave Her to Heaven; bigarren honek Emakumezko aktore onenaren Oscar Sarirako izendapena ekarri zion. Honako hauek ere aipatzea merezi duten lanak dira: Dragonwyck (1946), The Razor's Edge (1946, Somerset Maugham idazlearen izen bereko eleberriaren egokitzapena), The Ghost and Mrs. Muir (1947), eta Whirlpool (1949, berriro ere Otto Premingerren zuzendaritzapean).
Gerora Tierney klasiko bihurtu diren zinema beltzeko bi lanetan aritu zen, biak 1950ekoak: Jules Dassin zuzendariaren aginduetara Night and the City filmean, eta Otto Premingerren Where the Sidewalk Ends izenekoan. Hurrengo urtean komedia batean hartu zuen parte: The Mating Season, Mitchell Leisenek zuzendutakoa. Urte berekoa da Close to my Heart, Ray Millandekin antzeztutakoa; Tierneyk berak aitortuta, garai hartako lanetan interesgarriena izan zen berori, adopzioa gaitzat duen filma. 1952an 20th Century-Fox etxearekin zeukan kontratua amaitu eta MGM estudioetara joan zen: bertan egin zuen aurreneko lana Plymouth Adventureizan zen Spencer Tracyren alboan; antza Tracy sasoi hartako amorante bihurtu zitzaion. Jarraian datoz Never Let Me Go (1953), Clark Gableren parean eta Ingalaterran filmatua, Personal Affair (1953), eta Black Widow (1954), Ginger Rogers eta Van Heflinen ondoan.
Urte hauetan Tierneyren osasunak okerrera egin zuen: buruko gaitza zen, eta honek bere ibilbidean eragin handia izan zuen. Arazoak aurretik zetozen, hamar urte lehenagotik, izan zuen lehen alabak, Dariak, jaiotzetik izan zituen osasun makalak eraginda ziurrenik: umetxoa erdi itsu eta gor jaio zen, ama erditu aurretik errubeolak jo baitzuen.
1953an Mogambo filmaren errodajerako baztertu zuten, eta Grace Kellyk ordezkatu zuen. Oreka galtzea nabaria zen eta The Left Hand of God (1955) egin bitartean Generen antzezkide Humphrey Bogartek bultzatuta laguntza bila hasi zen. Bost urtean zinematik aldenduta bizi izan zen, tratamendu asko saiatu zituen eta, tartean ere, bere burua hiltzen saiatu zen. Itxura batean egoerak onera egin zuen eta 1962an Otto Premingerrek Advise and Consent filmean lanerako aukera eskaini zion. Handik aurrera hainbat lan txiki osatu zituen zineman eta bestelako batzuk telebistan.
Tierneyk bere bizitzaren berri idatziz eman zuen 1979an argitara emandako biografian: Self-Portrait.
1986ko Donostiako zinemaldian Gene Tierneyk Donostia saria jaso zuen, Gregory Peckekin batera.
Gene Tierney 1991n hil zen, 71 urte betetzekoa zela.
Filmografia
Urtea | Izenburua | Pertsonaia | Zuzendaria | Lankideak | Sistema |
---|---|---|---|---|---|
1940 | The Return of Frank James | Eleanor Stone | Fritz Lang | Henry Fonda | Technicolor |
1940 | Hudson's Bay | Barbra Hall | Irving Pichel | Paul Muni Vincent Price | |
1941 | Tobacco Road | Ellie Mae Lester | John Ford | Charley Grapewin Dana Andrews | |
1941 | Belle Starr | Belle Starr | Irving Cummings | Randolph Scott Dana Andrews | Technicolor |
1941 | Sundown | Zia | Henry Hathaway | Bruce Cabot | |
1942 | The Shanghai Gesture | Victoria Charteris | Josef von Sternberg | Walter Huston | |
1942 | Son of Fury: The Story of Benjamin Blake | Eve | John Cromwell | Tyrone Power | Sepia (eszena batzuk) |
1942 | Rings on Her Fingers | Susan Miller | Rouben Mamoulian | Henry Fonda | |
1942 | Thunder Birds | Kay Saunders | William A. Wellman | Preston Foster John Sutton | Technicolor |
1942 | China Girl | Miss Young | Henry Hathaway | George Montgomery | |
1943 | Heaven Can Wait | Martha Strabel Van Cleve | Ernst Lubitsch | Don Ameche | Technicolor |
1944 | Laura | Laura Hunt | Otto Preminger | Dana Andrews Clifton Webb Vincent Price | |
1945 | A Bell for Adano | Tina Tomasino | Henry King | John Hodiak | |
1945 | Leave Her to Heaven | Ellen Brent Harland | John M. Stahl | Cornel Wilde Jeanne Crain Vincent Price | Technicolor |
1946 | Dragonwyck | Miranda Wells Van Ryn | Joseph L. Mankiewicz | Walter Huston Vincent Price | |
1946 | The Razor's Edge | Isabel Bradley Maturin | Edmund Goulding | Tyrone Power Anne Baxter John Payne | |
1947 | The Ghost and Mrs. Muir | Lucy Muir | Joseph L. Mankiewicz | Rex Harrison George Sanders Edna Best | |
1948 | The Iron Curtain | Anne Gouzenko | William A. Wellman | Dana Andrews | |
1948 | That Wonderful Urge | Sara Farley | Robert B. Sinclair | Tyrone Power | |
1949 | Whirlpool | Ann Sutton | Otto Preminger | Richard Conte Jose Ferrer | |
1950 | Night and the City | Mary Bristol | Jules Dassin | Richard Widmark | |
1950 | Where the Sidewalk Ends | Morgan Taylor (Paine) | Otto Preminger | Dana Andrews | |
1951 | The Mating Season | Maggie Carleton McNulty | Mitchell Leisen | John Lund Miriam Hopkins Thelma Ritter | |
1951 | On the Riviera | Lili Duran | Walter Lang | Danny Kaye | Technicolor |
1951 | The Secret of Convict Lake | Marcia Stoddard | Michael Gordon | Glenn Ford | |
1951 | Close to My Heart | Midge Seridan | William Keighley | Ray Milland | |
1952 | Way of a Gaucho | Teresa | Jacques Tourneur | Rory Calhoun | Technicolor |
1952 | Plymouth Adventure | Dorothy Bradford | Clarence Brown | Spencer Tracy Van Johnson Leo Genn | Technicolor |
1953 | Never Let Me Go | Marya Lamarkina | Delmer Daves | Clark Gable | |
1953 | Personal Affair | Kay Barlow | Anthony Pelissier | Leo Genn Glynis Johns | |
1954 | Black Widow | Iris Denver | Nunnally Johnson | Ginger Rogers | CinemaScope Deluxe color |
1954 | The Egyptian | Baketamon | Michael Curtiz | Jean Simmons Victor Mature Edmund Purdom | CinemaScope Deluxe color |
1955 | The Left Hand of God | Anne Scott | Edward Dmytryk | Humphrey Bogart | CinemaScope Deluxe color |
1962 | Advise and Consent | Dolly Harrison | Otto Preminger | Henry Fonda Walter Pidgeon Franchot Tone | Panavision |
1963 | Toys in the Attic | Albertine Prine | George Roy Hill | Dean Martin | |
1963 | Las Cuatro noches de la luna llena aka Four Nights of the Full Moon | Sobey Martin | Dan Dailey | ||
1964 | The Pleasure Seekers | Jane Barton | Jean Negulesco | Ann-Margret | CinemaScope Deluxe color |
Broadway
Urtea | Izenburua | Generoa | Pertsonaia | Zuzendaria |
---|---|---|---|---|
1938 | What A Life! | Komedia | Walk on, Water carrier | George Abbott |
1938 | The Primrose Path | Drama / Komedia | Understudy | George Abbott |
1939 | Mrs O' Brian Entertains | Komedia | Molly O' Day | George Abbott |
1939 | Ring Two | Komedia | Peggy Carr | George Abbott |
1940 | The Male Animal | Komedia | Patricia Stanley | Herman Shumlin |
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gene Tierney |
- (Ingelesez) Gene Tierney: the Official Web Site
- (Ingelesez) Gene Tierneyren biografia The Biography Channel atarian
- (Ingelesez) Gene Tierney: Michelle Vogelek idatzitako biografia
- Datuak: Q230555
- Multimedia: Gene Tierney / Q230555